• Eskailera  mekanikoak  eta  igogailuak  guztientzat?

    Eskailera mekanikoak eta igogailuak guztientzat?

    Sozialistak, Alderdi Popularraren laguntzarekin, Eibar igogailu eta eskailera mekanikoz betetzen ari dira. Printzipioz, Eibarko orografiari erreparatuta, ez dirudi erabaki txarra denik udalerriak hainbat irisgarritasun arazo dituelako. Baina modu berean ematen al zaie irtenbide eremu, auzo eta Eibarko kale desberdinek izan ditzaketen arazoei? Edota bertan lor daitezkeen bozka kopuruen arabera erabakitzen da non zer egin?

    Atzoko udalbatzan, emakume batek penaz aitortu zigun Errioxan bizi dela eta Eibarko etxea hutsik duela duen adinagatik eta Ubitxako auzoak dituen irisgarritasun arazoengatik. Izan ere, nahi izan arren, bertan bizitzea ezinezkoa egiten zaio. Non dago Alderdi Sozialista eremu degradatu eta ahaztuez ari garenean? Irisgarritasun arazoez gain, garbitasun ezaz ere kexatu zen emakumea. Kale garbiketa ezaren arazoa nahiko orokorra da Eibar osoan, herritarrek helarazi diguten modura.

    Duela pare bat hilabete Ubitxara gerturatu ginen, eta egia da auzoa ez dagoela ez adineko, ez haur kotxe, ezta mugikortasun urriko pertsonei egokituta. Egia da baita, hobekuntzak pausoz pauso egin behar direla, baina Eibarko zenbait eremuk irisgarritasun beharrak asetuta dituzte eta aldiz, Ubitxa edota Jardiñeta bezalako auzoak erabat ahaztuta eta utzita daude.

    Gainera, kontutan izan behar dugu eskailera mekaniko horien mantenua oso garestia dela, hainbat aberia izaten dituztelako edota berrikuste eta aldaketak egin behar zaizkielako. Ondorioz, geroz eta eskailera eta igogailu gehiago izan, orduan eta gastu ekonomiko handiagoa izango du udalak.

    Zentzuzkoa da Eibarko zenbait eremutan irisgarritasun arazoei irtenbidea ematea, baina logikoa ez dena da, irisgarritasuna bermatua dagoen kasuetan, aldamenean beste sarbide mekaniko bat jartzea.   Horixe da Eibarren gertatzen ari dena, horregatik gai honetan arduraz jokatu beharko genukeela uste dut, izan ere, guztien artean ordaintzen ari gara aipatu eskailera eta igogailuak.

    Deigarria iruditu zaigu baita sozialisten jarrera aldaketa igogailuei dagokienean, izan ere lehen eskailera mekanikoen alde egiten zuten eta orain badirudi igogailuak nahiago dituztela. Guretzat hori pozgarria da, EAJ-PNVk beti, posible den lekuetan, igogailuak jartzeko eskaera egin baitu, igo eta jaisteko balio dutelako, merkeagoak direlako,  beren mantenua merkeagoa delako eta gutxiagotan izorratzen direlako. Beraz, hobe berandu inoiz baino.

     

     

    Utzi zure erantzuna →

Utzi zure erantzuna

Cancel reply

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies